Estudioak beraien artean isolatutako 4 gela ditu, 3 grabatzeko eta kontrola. Argi naturala egun osoan zehar sartzen da gela guzietan eta bata bertzearekin bisualki konektatuak daude.

Grabazio gela nagusiak 50m² baino gehiago ditu, 5,5m-ko altuera hartuz. Harri eta egurrezko paretez osatua dago eta kokapenaren arabera emaitza akustiko hagitz desberdina lortzen ahal da, soinu idor eta kontrolatutik gela soinua handia izateraino.

Bigarren gelak harrizko pareta nagusi bat du, akustika idor eta indartsua ematen duena. Anplifikadoreentzako, intsrumentu akustikoentzako eta ahotsak grabatzeko aproposa da. Bisualki gela nagusiarekin konektatua dago.

Hirugarren gela egurrezkoa da, soinu kontrolatuak lortzeko egina. Ahots, lokuzio, gitarra anplifikadore, soka edo haizezko instumentuentzat aproposa da. Bisualki kontrol gelarekin konektatua dago.

Tratamendu akustikoa Garikoitz Aldekoaren aholkuetan oinarrituta egin da, bereziki kontrolaren diseinua, neurketak eta monitoreen kokapena.